Pobrezia kronikoko egoerek eragiten dute adingabe lur azpian lan egitea, meatzetan, edo granja komertzial edo familiakoetan, esportaziorako alea lantzen 5 urte bete berritan. Eurek eta euren familiek bizirauteko egiten dute.
Save the Children-ek ematen dizkigun datuak lazgarriak dira. Gaur egun milioi bat adingabek lanegiten du meatze eta harrobietan Asiako eta Hegoamerikako 50 herrialde baino gehiagotan. Kongoko Errepublika Demokratikoan, meatzaritzan, 40.000k lan egiten dute; Gineako, Sierra Leonako eta Liberiako meatzeetan haur esklaboak daudela salatu dute. Hau da adingabe batentzako lanbiderikarriskutsuena. Eta kopuruak, Elkartearen arabera, gorantz jarraitzen du gelditu gabe. Neska nahiz mutil, sarritan 5 urtekoak ere, derrigortu egiten dituzte eskuz egindako pasabide estuetan sartzera, inolako segurtasun ekiporik gabe. Lur azpian ordu askotan sartuta (laneko txandak 24 ordukoak izan daitezke), harria zulatu eta apurtu, eta zama astunak garraiatu behar dituzte, ke toxikoak arnasten dituzten bitartean. Eta gainera, kasurik gehienetan, soldatarik ere ez dute jasotzen, ez baitituzte eskubidedun langiletzat hartzen, gurasoen aprendiz huts baino.
Meatzaritzako lanak eragin negargarriak ditu beharrezko osasun zainketarik jasotzen ez duten haurrengan. Arnasa hartzeko arazo larriak izaten dituzte, neke fisikoa eta, jeneralean, ur kutsatua erabiltzeagatiko eta asentamendu erabat zikinetan egoteagatiko gaixotasunak. Meatzaritzak osasuna ahuldu eta bizitza laburtzen die, literalki lurperatu egiten ditu.
Nekazaritzako lana ere errealitatea da mundu osoko 15 urtetik beherako 132 milioi neska-mutilentzat. Gehienek segurtasun neurri egokirik gabe lan egiten dute granja eta lur-sailetan, pestizida, makinaria astun, aihotz eta aizkoren arriskupean, eta abusu lesio eta esplotazio latza pairatuz. Gainera, kasu askotan, granja urrunetara bidaltzen dituzte, familia hurbilarengandik banatu behar dutelarik eta gizarte isolamendua jasanez.
Bizimodu arriskutsua eta estresagarria izaten dute, egunean 12 ordu lan eginez, astean zazpi egunetan. Kasu horietan ere lan mota hauek beren bizitzetan duen eragina oso larria da. Sarritan ez dituzte angiletzat ere hartzen eta granjetako nagusien eskakizunak bete ezik, jipoiak, zigor eredugarri latzak jasaten dituzte edo zauriak eragiten dizkieten zama astunak eraman beharra izaten dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario